DONOSTIAKO HISTORIARI BURUZKO DR. CAMINO INSTITUTUA

Egoitzaren bista bat
Egoitzaren bista bat

Institutuaren jatorria Donostiako Historiari buruzko Dr. Camino Taldean dago. Taldearen sorrera ofiziala Donostian izan zen 1966ko urtarrilaren 11n, eta aurrez, 1964ko urtarrilaren 2an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (R.S.B.A.P.) Gipuzkoako Batzordeko Zuzendaritza Taldeak onartu zuen bere filial gisa.

"GRUPO Dr CAMINO DE HISTORIA DONOSTIARRA" armarria
"GRUPO Dr CAMINO DE HISTORIA DONOSTIARRA" armarria

Hiru urte lehenago Donostian, Hiriaren berreraikuntza eta hedapena zela-eta (1813-1913-1963), egin ziren Oroitzapen-ospakizunek sorrarazitako kultura-giro eta zaletasun bereziaren erdian eratu zen talde hori. Hala ere, jarduera bakoitzaren atzean gizon edo emakume bat egoten da, alma mater bat, eta Dr. Camino taldearen kasuan Jose Ignacio Telletxea Idigoras historialaria izan zen eragile hori; taldeko presidente eta argitalpen-zuzendari gisa, baita azterlan historiko garrantzitsuen ikertzaile eta idazle gisa ere, gure historiografiaren oinarrietako bat dela aitortu behar dugu.

Bestalde, orduan Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipala zenak, Donostiako kultura-ekintzen babesleak, laguntza zabala eman zion sorrerako proiektuari eta bere Kultura Ekintzan sartu zuen.

1973. urtean, taldeak utzi egin zuen San Telmo museoan zuen hasierako egoitza eta abuztuaren 31ko 36. zenbakira lekualdatu zen. Une hura baliatu zen Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Herriko historian espezializaturiko liburutegia sortzeko, hiriarentzat balio sinboliko handiko kokapenean bere lekukotasunagatik.

Hasierako dokumentu-funtsean 4.000 titulu inguru zeuden, eta bereziki azpimarragarriak, historikoki garrantzitsuak baitira, XVI. eta XVII. mendeetako argitalpen batzuk, baita XIX. mendeko ingeles liburuen funtsa ere.

1982an Serapio Mujika aretoa ireki zen, kronikari eta Gipuzkoako Udal Artxiboetako ikuskatzaile izen zenaren oroitzapenez. Areto horri euskal historiako dokumentu-funtsa gehitu zitzaion, Serapio Mujika liburutegiaren emaitza gisa. Aretoa argitalpenak aurkeztu, hitzaldiak eman eta beste kultura-ekintza batzuetarako dago pentsatua.

1990. urtean, zehazki irailaren 13an, Donostiako Historiari buruzko Dr. Camino Taldea desegin egin zen eta Donostiako Historiari buruzko Dr. Camino Institutua sortu zen, orduan Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalean eta, gaur egun, Kutxa Fundazioaren Gizarte Ekintzan sartuta.